Irailaz geroztik apenas eskaini duen El_Txef_Aren saiorik, eta nabari du bidaietan pilatzen duen “energia” agortzen ari zaiola. “Mundu osoan zehar saioak ematen hasi baino lehen nintzenera itzuli naiz nolabait, oso pertsona lasaia izatera, planak egiteko nagia…”. Bakarrik bidaiatzen du beti, egin izan ditu hiru hilabeteko egonaldiak etxetik kanpo, eta aitortzen du oso esperientzia gogorra dela. “Gauez egiten duzu lan, otorduetan bakarrik zaude, ordu asko pasatzen dituzu aireportuetan ia lorik egin gabe hegaldiaren zain… Bizipen orok larru-azala ukitzen du, eta batzuetan depresioaren ertzean zaudela sentitzen duzu. Baina niri bizimodu horrek sekulako energia ematen dit, eta balio dit nire buruarekin asko hitz egiteko eta nor naizen hobeto ezagutzeko. Tontakeria asko kentzen dituzu burutik, eta munduan jende zoragarri asko dagoela ikusten duzu. Niri era guztietara lagundu didate”.

Elkarrizketa osoa badok.eus webgunean